Horretarako, 2026-2027 urteetarako 200.000 euro jarri ditu Udalak herritarren eskura

DEBA | Horretarako, 2026-2027 urteetarako 200.000 euro jarri ditu Udalak herritarren eskura, debarrek diru horrekin egingo lituzketen proiektuak proposatu eta hautatu ahal izateko. Prozesua proposamen fasearekin abiatuko da otsailaren 17a bitarte izango dute beren ideiak aurkezteko epea.
Debako Udalak aurrerapauso garrantzitsua eman du herritarrekiko konpromisoan, lehen aldiz, aurrekontu parte-hartzaileen prozesua martxan jarriz. Ekimen horri esker, herritarrek udal aurrekontuko 200.000 euro nola eta zertan inbertitu erabaki ahal izango dute.
Hala, aurrekontu parte-hartzaileen bitartez, herritarren parte-hartze aktiboa sustatzea ez ezik, helburua da debarren eta Udalaren arteko harremana indartzea, kudeaketa publikoaren gardentasuna sustatzea eta udalerriaren benetako beharrei erantzutea. Zentzu horretan, ekimenak Udaleko alderdi politiko guztien adostasuna eta babesa jaso du prozesuaren garrantzi estrategiko eta bateratua azpimarratuz.
Alkatearen hitzetan, “ekintza honek herritarrak udal erabakietan inplikatzeko behar eta nahiari erantzuten dio, Debaren etorkizuna definitzeko duten funtsezko zeregina aitortuz”. Ildo horretan, prozesua herriko ikastetxeetara zabaldu da, Debako haurrek ere parte hartzeko eta beren udalerriarentzat garrantzitsutzat jotzen dituzten proiektuei buruzko ideiak adierazteko aukera izan dezaten. Horrekin, parte-hartze, erantzukidetasun eta herritartasun balioak sustatu nahi dira, txiki-txikitatik.
Aurrekontu parte-hartzaileen garapena bidezkoa, gardena eta guztiz ordezkatzailea izan dadin, Udalak Berme Batzordea eratu du. Organo hori tokiko eragile eta elkarteetako ordezkariek eta udaleko teknikariek osatzen dute. Bere lana izango da prozesuaren fase bakoitza gidatzea eta gainbegiratzea, hautaketa irizpideak definitzetik proposamenen azken ebaluaziora arte, erabaki guztiak modu inpartzialean eta guztion onerako hartzen direla ziurtatuz.
Batzorde hori sortzearen helburua izan da, beraz, prozesuak bere izaera demokratiko eta herrikoiari eutsiko diola bermatzea, ekimen hau gidatzen duten partaidetzaren eta elkarrekiko konfiantzaren balioekin lerrokatuz.
Prozesuaren garapena
Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua urtarriletik ekainera bitarte luzatuko da, eta hainbat fasetan egituratu da.
- Berme Batzordea sortzea: organo hori urtarrilean eratu da, proiektuaren garapena koordinatzeko eta gainbegiratzeko. Lehenengo bileran herritarren proposamenak lehenesteko aplikatuko diren irizpide teknikoak ezarri ziren.
- Proposamenak aurkezteko fasea, urtarrilaren 30etik otsailaren 17ra: epe horien baitan herritarrek beren ideiak aurkeztu ahal izango dituzte. Ideia horiek Debako hirigunera mugatu beharko dira (Itziar, Lastur eta gainerako landa-auzoak kanpo utzita) eta ezingo dute 100.000 euroko aurrekontua gainditu.
- Proposamenak lehenestea: Berme Batzordeak jasotako proposamen guztiak aztertuko ditu, eta, aldez aurretik adostutako irizpideak oinarri hartuta, 20 eta 25 ideia hautatuko ditu, bozketa fasera pasatzeko.
- Ebaluazio teknikoa: Udal-teknikariek lehenetsitako proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute, ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta aurrekontuaren eta udal-eskumenen barruan exekutagarriak direla ziurtatuz.
- Herritarren bozketa, maiatzaren 7tik 21era: Fase honetan, 16 urtetik gorako debarrek parte hartu ahal izango dute, eta udalerriarentzat beharrezkoen do onuragarrien jotzen dituzten proposamenak bozkatu ahal izango dituzte.
- Emaitzen aurkezpena: Azkenik, ekainean, bozketaren emaitzak publiko egingo dira eta hautatutako proiektuak udal aurrekontuetan sartzeko prozesua hasiko da.
- Exekuzioa: Proiektuak 2026 eta 2027ko aurrekontuan txertatuko dira eta lehen proiektuak 2026an exekutatzen hasiko dira.
Nola parte hartu
Aurrekontu parte-hartzaileen lehen fasea, proposamenen aurkezpena, urtarrilaren 30ean hasiko da, eta otsailaren 17ra arte luzatuko da. Udalak hainbat bide jarri ditu herritarren parte-hartzea errazteko:
- Aurrez aurre: otsailaren 3an herritarrentzat aurkezpen irekia egingo da arratsaldeko 19:00etan Osoko Bilkuren Aretoan, eta otsailaren 8an Plaza Berrian ere egin ahal izango dira proposamenak 12:30etik 14:30era.
- Paperean: Debako etxeetara bidali den eskuorrian inprimaki bat egongo da, eta behin hori beteta, herriko udal eraikin desberdinetan jarri diren postontzietan utzi ahal izango dira. Postontziak Turismo Bulegoan, Musika Eskolan, kiroldegian, udaletxean, Gizarte Zerbitzuen eraikinean eta udal liburutegian jarriko dira.
- Online: eskuorriko QR kodea eskaneatuz edo esteka honetan sartuz galdetegia digitalki bete ahal izango da.
Esan bezala, proposamenak egiteko ezinbestekoa da, besteak beste, ondorengo irizpideak betetzea:
- Debako herrigunera mugatzea
- 100.000 euroko aurrekontua ez gainditzea
- Egingarria eta denboran gainkosturik sortuko ez duena izatea (hasi eta bukatzen den proiektu bat izatea)
Udalak herritar oro animatzen du prozesu honetan aktiboki parte hartzera eta bere proposamenak egitera, Debaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko, Deba bizitzeko herririk onena izan dadin.
Edozein zalantza argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko, idatzi aurrekontupartehartzaileakdeba@gmail.com helbide elektronikora.


