Pasadan ostiraleko ekitaldian, bertsolariek bertsoak abestu zizkioten, eta alkateak txapela jantzi eta lore sorta bat eman zion

DEBA | Pasadan ostiralean Debako Udalak omenaldi hunkigarria eskaini zion Amagoia Arrietari, herritarren, musika bandaren eta kirol elkarteetako ordezkarien babesarekin.
Arrietak boccia kirol modalitatean jokatzen du eta bere ibilbidearen baitan hainbat lorpen nabarmen izan ditu, horien artean azkena abuztuaren amaieran Parisko Joko Paralinpikoetan parte hartuz. Egindako esfortzuari eta lanari esker, mundu mailan seigarren postua lortu du BC1 kategorian. Gainera, urrezko domina irabazi zuen Rotterdameko Europako Txapelketan eta zilarrezkoa Zagrebeko Challenger txapelketan, boccia kirolean egindako ibilbide oparoa eta emaitza bikainak erakutsiz.
Hala, omenaldiaren bitartez, Debako Udalak aitortza egin nahi izan zion Arrietari, zailtasunak zailtasun, bere ibilbidean zehar uneoro erakutsitako esfortzu eta konpromisoagatik. “Boccia jokalari gisa Amagoiak orain arte egin duen bidea lan handiaren, konstantziaren eta esfortzuaren isla da eta lorpen guztiak bere esfortzua, gaitasuna eta, nola ez, Amagoiaren talentua erakusten dute, baina, batez ere, bere etengabeko hobekuntzarako gogoa eta lanerako prestutasuna. Hori guztiagatik Debaren eta debarren izenean, eskerrak eta zorionak ematen dizkiot, bihotz-bihotzez”,adierazi du Alazne Txurruka alkateak.
Ekitaldia Arrietaren etxean hasi zen; bertan musika bandak harrera egin zion eta kalejira abiatu ziren Foruen Plazaraino. Udaletxeko plazara iritsi denean, herriko kirol elkarteetako ordezkari eta jokalariek ohorezko pasillo bat egin diote arkuekin, haren kirol ibilbideari aitortza egiteko eta ondoren, udaletxean bertsolariek bertsoak eskaini zizkioten Arrietari. Une unkigarri horren ostean, Debako alkateak txapela jantzi eta lore sorta bat oparitu zion, haren ibilbidearen eta konpromisoaren aitortza gisa.


