Udalak Gotzon Garate bekaren bosgarren deialdia esleitzeko ekitaldia egin du irailaren 28an, astelehena, Udaletxeko Pleno Aretoan

ELGOIBAR | Aurtengo deialdia Danobat Kooperatiba Elkartearen eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin egin du Elgoibarko Udalak, euskarazko literatura sorkuntza sustatzeko eta idazle berrien lanari laguntza emateko helburuarekin.
Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkeztu ahal izan dira, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, zatika edo osorik inon argitaratu gabeak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatu gabeak.
Guztira, hogeita hiru hautagai aurkeztu dira deialdi honetara, eta horietatik bat baztertu egin da deialdiaren oinarrietan jasotako baldintzak betetzen ez zituelako.
Uxue Alberdi, Danele Sarriugarte eta Mikel Ayllon idazleek osatutako epaimahaiak aztertu ditu aurkeztutako gainerako hogeita bi hautagaien proposamenak; eta Estitxu Irisarri Eguia elgoibartarrak aurkeztu duen “Ez laga lurra sikatzen” lana proposatu du Gotzon Garate bekaren bosgarren deialdiaren esleipendun izateko.
Hala, Irisarrik Elgoibarko Udalak emandako 8.000 euroko laguntza ekonomikoa izango du. Horretaz gain, Jasone Osoro idazlearen mentoretza literarioa eta Arturo Andrade eskultorearen oroigarria jasoko ditu Danobat Kooperatiba Elkartearen laguntzari esker. Azkenik, bekaren parte gisa, Elkar argitaletxeak argitaratuko du eleberria. Esleipendunak hamabi hilabeteko epea izango du proiektua gauzatzeko.
Ekitaldi horretan izan dira Ion Zubiaurre, alkateordea; Aitor Iriondo, Hezkuntza, Gazteria eta Euskara zinegotzia; Danele Sarriugarte eta Mikel Ayllon, epaimahaikideak; Julian Aizpurua, Danobat Kooperatiba Elkarteko presidentea; Itzea Urkizu Elkar argitaletxeko ordezkaria; Jasone Osoro, bekaren mentorea eta Arturo Andrade, eskultorea eta beka honetako garaikurraren egilea.
Horietaz gain, bertan izan da Gotzon Garate bekaren bosgarren esleipendun izan den Estitxu Irisarri Eguia.


