Eibarko Klub Deportiboko dantzari eta musikariek osatutako 30 laguneko taldeak ikuskizun berezia eskainiko du

EIBAR | Eibarko Kezka dantza taldeak hitzordu berezia izango du asteburu honetan Nafarroako Pirinioetan. Izabako Santiago jai nagusien (Xeiak) egitarauaren barruan, Eibarko tradiziozko dantzok ezagutarazteko eta partekatzeko aukera izango dute Eibarko Klub Deportiboko dantzari eta musikariek.
Guztira 30 lagunek osatutako taldeak Arrateko erromeriako zein San Joan jaietako dantza bereizgarrienak eramango ditu Erronkaribarrera uztailaren 25ean.
Santiago eguneko ospakizunak eguerdian hasiko dira Izaban, Kurruskla herriko dantza taldearen eskutik, tradiziozko Izabako ttun-ttuna dantzatzeko.
Arratsaldean, berriz, Kezkako dantzarien txanda izango da. Ekitaldiak bi zati nagusi izango ditu:
18:00etan: Udaletxe aurrean Izabako bandera-dantzari harrera egin eta Arrateko ezpata-dantzarekin kalejira abiatuko dute.
18:30ean: Emanaldi nagusia eskainiko dute Izabako anfiteatroan.
Errepertorio zabala
Anfiteatroko ikuskizunean, irailaren 8an Arrateko egunean dantzatu ohi diren ezpata-dantza eta trokeo-dantzak taularatuko dituzte. Horrez gain, San Joan eguneko soka-dantza edo aurreskua ere dantzatuko dute, Eibarko tradizioari jarraituz soka herriko dantzariak omentzeko erabiliz.
Hitzordu honek Eibar eta Izabako kultur eta folklore ondareak uztartzeko eta jaiei elkarrekin hasiera emateko aukera paregabea eskainiko du.
Egitaraua
18:00 | Udaletxe aurrean: Izabako bandera-dantza eta Arrateko ezpata-dantzarekin kalejira.
18:30 | Izabako anfiteatroan: Kezka Dantza Taldearen emanaldi nagusia.


