Eguerdiko 12:45ean hasiko da Udaletxeko arkupetan

EIBAR | Usartza Txistulari Taldeak neguko kontzertu zikloari jarraipena emango dio datorren martxoaren 1ean, eguerdiko 12:45ean, Eibarko Udaletxeko arkupetan eskainiko duen emanaldiarekin.
Gogoratu behar da kontzertu aurretik kalejira bat egingo dute Legarre auzotik, goizeko 10.30ean hasita.
Hirugarren saio honetan, publikoak erritmo eta doinu anitz entzuteko aukera izango du: doinu jolasak, aire ezberdinetako piezak eta kantu tradizionalak uztartuko ditu taldeak. Egitarauaren ardatza Jose Ignacio Ansorenak idatzi eta moldatutako lanek osatuko dute, txistuaren soinuari kolore eta ñabardura bereziak emanez.
Kontzertuak berrikuntza berezi bat ere izango du, izan ere, taldeko kide den Iñaki Orbegozok perkusioan parte hartuko du, marimba jotzen. Tresna honen presentziak aberastasun sonoro handiagoa emango dio emanaldiari eta formatuari dimentsio berezia gehituko dio.
Usartza Txistulari Taldeak, beste behin ere, herritarrak euskal musikaz giro atseginean gozatzera gonbidatu nahi ditu, neguko igande eguerdiari doinu tradizional eta berritzaileekin kolorea emanez.


