Ekimenaren helburu nagusia da hamar urte barru herrian euskara gehiago egin eta entzutea

ELGOIBAR | Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, aurkeztuko da jendaurrean BATERA ELGOIBARREN herri-ekimena. Herriko Antzokian izango da, 19:00etan hasita, eta sarrera librea izango da. Ekimenaren helburu nagusia da hamar urte barru Elgoibarren euskara gehiago egin eta entzutea. Elgoibarko Izarra eta Udala izan dira lehen fasearen eragile nagusiak, eta Taupa Euskaltzaleon Mugimenduak gidatu eta dinamizatu du lan-prozesua.
Elgoibar euskaldunagoa izateko bete behar diren baldintzak aztertu eta adostea izan da urtarrilean hasi eta ekainera arte iraun duen lan-prozesuaren egiteko nagusia. Elgoibarko 105 lagunek parte hartu dute prozesuan, eta zortzi izan dira adostu dituzten baldintzak. Behin baldintzak adostuta, baldintza horiek herriko entitateei aurkeztu zaizkie, eta asko dira ekimenari euren babesa erakutsi dien entitateak.
Zortzi baldintza
Zortzi baldintza horiek aurkeztuko dira abenduaren 3an. Hala ere, Herriko Antzokian ikusi eta biziko denak gehiago izango du emoziotik informaziotik baino. Izan ere, baldintzak ez dira berbaz azalduko, eta oholtza gainean izango dira, besteak beste, Biraka dantza taldeko dantzariak, Mari Juli Conde, Aitor Nova eta Nerea Gil, Aitor Gisasola eta Kitziki musika taldeko Olatz Macazaga eta Maddi Arrieta.
SIADECO enpresak egin berri duen azterketa soziolinguistikoaren laburpena ere emango da bost minutuko bideo batean.
Aldibereko itzulpena
Orain arteko lan-prozesuan euskara ez dakien jendeak ere parte hartu du, eta abenduaren 3ko ekitaldian ere Herriko Antzokian egongo dira. Horregatik eskainiko da aldibereko itzulpena gaztelaniara.
BATERA ELGOIBARREN ekimenaren atzean gauden eragile eta entitate guztiok elgoibartarrok animatu nahi zaituztegu abenduaren 3an Herriko Antzokia goraino betetzera. Hurrengo hamar urteetan Elgoibar herri euskaldunagoa izateko egin nahi dugun ibilbidearen lehen urratsa ematera goaz.


