Hautagaiak aurkezteko epea igandean amaituko da, hilak 15

EIBAR.- ‘Gure Balioak’ Sariaren bederatzigarren edizioa abian da eta sariduna hautatzeko proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 15ean amaituko da. Debabarreneko herritar orok izango du aukera nahi duen hautagaia proposatzeko, baita erakundeek, enpresek eta gizataldeek ere.
Debegesa eskualdeko garapen agentziak sustatu eta antolatzen du urtero, Debabarreneko eskualdean giza balioen sustapenean nabarmendu den pertsona edo entitateen jarduna publikoki aitortzeko asmoz. Sari hauek bereziki indartu eta sustatu nahi dituen oinarrizko balioak integritatea, errespetua, ekintzailetza eta elkarlana dira.
Proposamenak egiterako orduan, hautagaiek zenbait baldintza behar dituzte: Debabarrenean jaioak izan behar dute edota euren lan ibilbidea eskualdean garatu izana eskatuko zaie; eskualdearekin lotura izan behar dute; eta, balioetan oinarritutako ibilbidea edo jarduera erakutsi behar dute.
Sariaren gaineko xehetasun guztiak, oinarriak eta hautagaia aurkezteko formularioa debegesa.eus webgunean dago eskura. Informazio gehiago nahi duenak 943 82 01 10 telefonora deitu edo balioak@debegesa.eus helbidera idatzi dezake.
‘Gure Balioak’ sariaren banaketa ekitaldia Mallabian egingo da, urrian. Saridunak Juan Luis Baroja Collet artistaren eskultura bat jasoko du, sari honetarako bereziki diseinatua.


